XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Laurak pasatxo dira, bi ordu daramat hemen.
Ez dakit anaia zaharra etortzen denean hemen egon beharko nukeen.
- Senarra Jerusalemen izaten da egun osoan?
- Goizean alde egiten du eta gauean etortzen da, lotara.
Kanpoan izaten da beti, eta hobe horrela.
Hemen denean okerrago izaten da: beti haserre dago, umeak jotzen ditu...
Nahiago dut bera ez egotea.
Bozgorailuetatik otoitzak entzun ditugunean erlojuari erreparatu dio Zahirak.
Laurak eta laurdeneko errezuen ordua da; arratsaldeko bigarren otoitzaldia, eguneko laugarrena.
- Otoitz egin behar duzu?
- Baina aurretik eskuak, orkatilak, burua eta lepoa garbitu beharra dauzkat, eskua ukitu didazulako.
- Eskua eman dizudalako dena garbitu behar?
- Islamak hala eskatzen digu.
- Barkatu, orduan.
- Lasai, nire senarrak ukituz gero ere garbitu egin beharko nituzkeen.
Aitak edo nebek bakarrik uki nazakete gizonen artean.
Ea berriro noiz ikusiko galdetu diogu elkarri, alde egiteko asmoa agertu diodanean.
- Igandean banoa nire herrira.
Helbideren bat bazenu, hurrengo urteren batean itzultzen naizenean bisitatuko zintuzket.
- Ez daukat batere, ez dakit denda hauetan noiz arte izango garen. Hurrengo urteetan hemen ez izatea espero dut!